Baikor pentsatu nahi duzu?

Agifesen logotipoa

Sormena, tresna terapeutikoa

17/12/2012

“Buru gaixotasunaren garai zailenetan ezertarako balio ez nuela pentsatzera iritsi nintzen, ez bainuen lanpostu batean egonkor mantentzerik lortzen; beti kaleratu egiten ninduten. Baina denborarekin eta Agifeseko ekintzetan parte hartuz konturatu naiz gauza positibo asko egiteko gai naizela”. Horrela baieztatu zuen Mamen Alvarezek abenduaren 14ean sormen jarduerek dakartzaten onurei buruz egindako mahai-inguruan.

Mamenek ‘Aurrerapauso bat’ ikuskizuneko protagonista gisa bizitako esperientzia azaldu zuen. Ibiltzen Benta Berri errehabilitazio psikosozialerako zentroko 30 erabiltzaile inguruk prestatu zuten dantza, antzerki eta monologoz osatutako ikuskizun hori eta irailean aurkeztu zuten Lugaritz kultur etxean.

“Oso esperientzia atsegina izan da; ederki pasa genuen eta elkarren arteko harremana estutu genuen. Gainera, nire gaitasunez ohartzeko baliagarria izan zait”, ziurtatu zuen Mamenek.

Agifeseko erabiltzaileak gaixotasuna onartzearen garrantzia azpimarratu zuen, sendatze prozesuan aurrera egiteko ezinbesteko baldintza baita. Duela bost urte ekin zion buru osasuna berreskuratzeko bide horri, kontzientzia bereziarekin. “Borondate eta esfortzuarekin bizitza normala eraman daiteke”, baieztatu zuen.

Ibiltzen Benta Berriko aldizkariaren erredakzio taldearen burua den Carmelo Pascualek ere hitza hartu zuen. Lehenengo argitalpenaren emaitzarekin oso pozik daudenez, bigarren zenbakia plazaratuko dute laster. Orotariko edukiak biltzen ditu aldizkariak: erreportajeak, argazkiak, errezetak, abestiak, txisteak eta abar luze bat. Carmelok argitalpeneko atal ezberdinak lantzeko taldetan banatzen direla azaldu zuen, pertsona bakoitzaren ahalmenak ahalik eta ondoen baliatzeko asmoarekin.

Alvaro de la FuenteHorma zurietako iratxoak liburuaren egileak aditzera eman zuen beretzat idazketa oso tresna boteretsua dela. Izan ere, une gogorrenetan pentsamendu eta sentimenduak ateratzen eta adierazten laguntzen dio, baita lasaitzen ere. Aitortu zuenez, idazten duen bitartean burua aske uzteak, ez pentsatzeak, mesede handia egiten dio. Horrela, ondoren, barnetik ateratako hitz eta esaldiak behin eta berriz irakurtzean zer gertatzen zaion hobeto ulertzeko aukera dauka.

Alvaro haurtzaroan hasi zen idazten, baina 20 urte inguru zituelarik alde batera utzi zuen zaletasun hori, psikologoak bere dohaina berreskuratzera animatu zuen arte. Horrela, 28 eta 29 urte zituela liburu bat idatzi zuen, plazaratzeko asmorik gabe, eta hiru urtez kaxoi batean gordeta eduki zuen transkribatzen lagundu zioten arte. “Oso gogorra izan zen obra idatzi nuen urtetan gertatutakoa irakurri eta biziberritzea”, onartu zuen. Oiartzungo Kultura saileko arduradunek idazlana irakurri zutenean, argitaratzea proposatu zioten, eta Udala arduratu zen lana euskaratzeaz. Liburua salgai dago, elebitan, Agifesen egoitzan bost euroren truke.

Buru gaixotasunaren eta sormenaren arteko lotura

Nahasmendu psikikoak eta ohizkanpoko talentua duten pertsona ospetsu ugari daude, eta horrek jeinutasuna eta buru gaixotasuna lotzen dituen hari fin bat dagoela pentsatzera eraman gaitzake. Uste herrikoia izatetik haratago doa, zientziak bi faktore horien arteko harremana frogatu baitu. Hainbat ikerlanek egiaztatu dute gaixotasun mentala duten pertsonek, orokorrean, sormenerako ahalmen gehiago dutela, bereziki nahasmendu bipolarra dutenek. 

Iker Arrizabalaga psikologoak, mahai-inguruan Erika Carrillo psikologo eta monitorearekin batera moderatzaile lanak egin zituenak, Suediako Karolinska institutu ezagunak gauzatutako azterlan baten ondorioak aurkeztu zituen. Ikerketa hori aurrera eramateko 1,2 milioi pertsonako lagina erabili dute, buru gaixotasuna duten pertsonak eta senideak, eta 40 urtez jardun dute lanean. Emaitzak ikusi ondoren, iradoki dute egokia izango litzatekeela tratamendu metodo berriak sustatzea, buru gaixotasunaren alderdi positiboak babestuz.

Ikertzaileak konturatu dira ohikoagoa dela nahasmendu bipolarra lanbide artistiko eta zientifikoak dituzten pertsonen artean. Eskizofrenia bereziki, eta baita depresio, antsietate zein substantzien gehiegizko kontsumoarekin lotutako nahasmenduak ere ohikoagoak dira idazleen kasuetan.

Radio Euskadiko programa batean parte hartu dute Iker Arrizabalagak, Erika Carrillok eta Mamen Alvarezek, gai honen inguruan. Elkarrizketa entzun!

 
  • Youtube
  • Twitter
  • Facebook
  • Banner 'buruko osasuna'
  • Banner 'Laguntza behar duzu?'
  • Banner landetxe

www.baikorpentsatzendugu.org

Infotresek diseinatu eta garatutako webgunea